2009-03-03

Nola jokatu egoera hauen aurrean?

Jarraian gelan aztertu ditugun pare bat kasu jarri ditut: Manta bat psikomotrizitate gelan eta Ahulkian eserita gelditzen den mutikoa.
Bi egoera hauen aurrean izan behar genukeen jarrera komentatzen aritu gara eta interesgarriak iruditu zaizkit bildu ditugun ondorioak:
1. egoera: BANKUAN ESERITA GELDITU DEN MUTIKOA
Ander bi urteko mutiko bat da. Psikomotrizitate-saioko sarrera errituala bukatu ondoren Ander bankuan eserita gelditu da besteak pareta botatzera joan diren bitartean, eta bertan dago oraindik ere besteak saltoka, korrika, dorreak botatzen ari diren bitartean. (sekuentzia honen bideoklipa Moodle-n ikus dezakezue)

Galdera:
  • Zer egingo zenukete holako egoera baten aurrean? Zergatik?

Psikomotrizitate gelaren funtziorik garrantzitsuena haurrak adierazpen motoriko eta irudimenaren bilakaera baten bidez dibertitzea eta zoriontsu izatea da. Horregatik, umearentzako AFEKTIBITATEZ eta SEGURTASUNEZ beteriko testuingurua sortu behar da. Haurrak gustura sentitu behar dira ingurune horietan, taldeko kide bat gehiago sentitu behar dira eta horrela tratatu behar ditu irakasleak gustura senti daitezen.


Haurrek segurtasun hori eskuratzen dutenean, askatasun osoz jolasteko gai sentituko dira eta beraien gaitasun eta ahalmen guztiak esperimentatuko dituzte.

Psikomotrizitate gelaren funtzio eta helburu guztiak aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da lehen aipaturiko segurtasun hori bermatzea; eta beraz, mutikoa ez bada seguru sentitzen inguratzen duenarekin eta kideekin, “inhibitutako jarrera” izango du.

Haurren ezaugarri nagusienetako bat jolasteko eta dibertitzeko grina da, hau da, bere jokabide naturala, jolastea da. Izan ere, jolasteko gogorik ez den egoeretan arazoren bat egon behar da: gaixotasunen bat edota segurtasun eza (bai kideekiko edo baita inguruarekiko ere) ... Orokorrean, ezezagunaren aurrean beldur izan ohi dira eta benetan fidagarria dela egiaztatu artean, beren jolasteko grin hori inhibitua ager(tu) daiteke.

Psikomotrizitate gelaren helburu nagusiena, haurrak, bere autonomiatik abiatuta beste arloetan garatu ezin dituen esparruak garatzea da. Ezinbestekoa izango da beraz bere nahiak errespetatzea. Psikomotrizistaren esku-hartzea garrantzizkoa izango da baina bigarren mailan utziko genuke.

Gerta daiteke momentu horretan besterik ez izatea jarrera hori, zerbait isolatua izatea alegia. Psikomotrizista bezala, hau identifikatzeko gai izan beharko genuke.

Beraz, mutiko hori ahulkitik altxa eta jolasten hasi ahal izateko “segurtasuna” bermatu behar zaio: kideekin eta psikomotrizitate gelan; baina inolaz ere ez, jolastera behartu. Horretarako baliagarriena gustuko dituen ekintzekin eta erakartzen duten aktibitateekin tentatzea da eta bere kabuz sortuko zaio hurrengoan pareta botatzera joateko gogoa.

Psikomotrizistaren eginkizuna hauxe dela esan genezake. Haurrek, euren sormena garatzeko kitzikatzea; motibatzea. Animatzailea izango da. Horregatik, lehen aipatu bezala, inguruan izango dituen elementuetara gerturatuko dugu. Gertaera isolatua izanez gero, aurrez haurrak erabili izan dituen elementuak gerturatuko dizkiogu: gustatzen zaion panpintxoren bat, blokeak, etxetik ekarri duen elementuren bat…

Beste gelakideen artean ere, guri lagunduko digun jarreraren bat bila genezake. Berdinen arteko (haurren) harremanetan oinarrituriko integrazioa bultzatuko dugu. Hobeto ulertuko dion norbaitek lagunduz saia gintezke motibatzen: zeharkako motibazioa.

Gertaera isolatua ez bada ordea, segurtasun falta sortzen dion arazoa identifikatu beharko genuke: etxean arazoak, gelakideekin, irakaslearekin ez dela ongi komunikatzen, ingurua arrotza egiten zaiola, erabiltzen diren objekturen batekin esperientzia txarren bat izan duela… Horrelakoren bat izanez gero arazoaren iturri, prozesua bestelakoa izango litzateke, irakasle guztien eta gurasoen arteko lankidetza bat izan beharko litzateke eta hemendik ateratako ondorioak ahalik eta egokien lantzea, beti ere umeen nahiak errespetatuz. Azken finean, bere buruarekiko konfiantza lortzea da.

2.egoera: MANTA BAT PSIKOMOTRIZITATE GELAN

Julen bi urteko mutiko bat da. Aurten hasi da eskolan eta ez du oraindik hitzik esaten. Ikasturtearen hasiera da, urriaren bukaera, eta Julenek etxetik beti ekartzen du manta bat eskolara. Ez oso handia baina berari traba egiten diona mugimendurako. Gaur psikomotrizitate-saioa dago eta hara doa gure Julen, manta hartuta, noski.

Galderak:

- Nola jokatuko zenuke zuk Julenekin eta bere mantarekin psikomotrizitate-gelan? Zergatik?
- Zergatik ume askok ekartzen dute eskolara etxetik harturiko objekturen bat edo beste?

Haur Hezkuntzan haurrek oraindik ere lotura handia duten testuinguru familiarrarekin. Izan ere, jaio direnetik familia eta etxea izan dituzte soilik inguruan. Bat batean, beren etxea eta gurasoak (aiton amonak, zaintzaileak edo gainontzeko familia ingurua) utzi eta erabat ezezaguna eta arrotza zaien leku batetara eraman dituzte: eskolara. Umeek ez dute tokia ezagutzen, ezta irakasleak, gelakideak eta gainontzeko langileak ere ... Ondorioz, familia- etxea eta eskolaren arteko binkuloak edo loturak sortzen dira.

Etxetik eskolara beren gauzarik preziatuenak eta baliotsuenak eramaten dituzte, hala nola, panpina kuttunena, mantatxoa, jostailu gustukoenak, gurasoek emandako objektuak ... ; eta baita alderantziz ere, hau da, eskolan egindako marrazkiak, fitxak, eskulanak ... ere etxera eraman nahi izaten dituzte. Azken finean, haurrerantzako garrantzitsuena bietan baloratzen dituen “gauzak” harremantzea da.

Haurrak etxetik ekarritako manta preziatu horrek bere bi testuinguruneen arteko lotura afektibo eta fisikoa ahalbidetzen du. Beharbada, traba egin diezaioke psikomotrizitate gelan egin beharreko ekintzetan, baina bestalde, haurraren trantsizio bide honetan funtzio garrantzitsua betetzen du. Horregatik, haurrak berak alboratuko du manta enbarazu egiten dionean, eta psikomotrizitate gelan gustura sentitzean bere mantatxoaz ahaztuko da.

Horren guztiaren ondorioz, ez genioke elementua kenduko, ezta lehenengo momentuan ordezkatuko ere. Psikomotrizistaren laguntzaz eta haurraren iniziatiba kontutan hartuz, prozesua garatzen lagunduko diegu. Kasu honetan manta bat da, eta erraza izan daiteke elementu hau haurrak berak aldatzea. Piskanaka binkulo hori desagertu eta eskolan topatuko dituen eta sentsazio berriak trasmitituko dizkion elementuak topatuko ditu. Mantagandik jasotzen duena ordezkatuko duen edo sentsazio hori behar ez duenean gertatuko da aldaketa hori. Mantak goxotasuna eta etxekoen oroitzapenak ekarriko dizkio adibidez. Goxotasuna ordezkatzea ez da ain zaila izango, gelako elementu desberdinetatik jasoko baitu sentsazio bera; koltxonetatik, blokeak, gelan bertan dauden eta ikastetxekoak diren mantak,… Beraz, denboraren poderiozhori lortuko du.

Bere etxeko oroitzapenei dagokionez, haurrak eskolan izango duen egokitzapenaren ondorio izango da. Haur bakoitzak bere prozesua izango du, eta hau errespetatu egin behar da. Beharbada, psikomotrizitate gela, beste gela guztiekiko desberdina izango da, espazio aldetik handiena(etxeko gela baino handiagoa) kolore gehien dituena, soinu gehien sortzen den gela; desberdinena etra arrotzena alegia. Horren ondorioz, egokitzapen berezi bat behar izatea ez da izango ain arrotza.

Psikomotrizistaren lana izango da beraz(inoiz haurra behartu gabe) elementu berri(lekua, soinuak, objetuak,…)honetara hurbiltzeko laguntzea. Honetarako hitz goxoak, erabili behar lituzke, bere altueran hitz egin eta haurraren hizkuntzara egokitzea. Gerturatze horretan kontaktua garrantzizkoa izango da; eskua eman edota bere ondoan egotea lehenengo kontaktuetan. Psikomotrizistak haurra seguru ikusten duenean aldentzeari ekingo dio, bakarrik uzteari alegia. Honela lortuko baitu egokitzapen egoki bat. Behin hau egindakoan, haurrari berari irtengo zaio hurrengo saioetan elementuetara hurbiltzeko iniziatiba.

No hay comentarios:

Publicar un comentario