2009-03-01

Nor zen Xabiertxo?

Nor zen Xabiertxo - aurkezpena

Euskararen irakaskuntza garai guztietan eztabaidatu den gaia izan da. Mende hasieran, Xabiertxo liburuaren garaian, gizarte egoerak oztopatzen zuelako; eta gaur egun aldiz, nerabeen artean hizkuntzarekiko interes gabezia dagoelako. Beraz, liburuaren irakaskuntza eredutik abiatuz, egungoarekin alderatzen da, Haur Hezkuntzan eta Derrigorrezko Hezkuntza dauden jarrera biak azalduz, eta helburua duen hizkuntza baten irakaskuntza eta erabilpena aldarrikatuz.


Xabiertxo, Ixaka Lopez Mendizabal (1879 – 1977)abokatu, irakasle, idazle eta euskaltzale tolosarrak 1925ean idatzitako eskola liburua zen. Garaiko testuinguru politiko eta sozialak eraginda (Euskal Foruen abolizioa, Eusko Ikaskuntzaren esperientzia, Espainiako Gerra Zibila, euskal zaleek erbestera alde egin beharra, euskararen zapalkuntza gizartean …), ia ezinezkoa zen euskarazko hezkuntza jasotzea; horregatik oso garrantzitsuak izan ziren euskarazko irakaskuntza ahalbidetu zuten liburu gutxi horiek.


Xabiertxo liburua haur hezkuntzako ikasleei zuzendua dago eta errealitateko egoera eta adibideen bidez, irakatsi beharreko alor desberdinak jorratzen ditu baserriaren mundutik abiatuz:

  • Nekazaritza eta abelkuntza
  • Basogintza
  • Familia eta senideak
  • Eskola
  • Gizarte ohiturak eta baloreak
    • …


Xabiertxo mutikoa bera da protagonista eta haur eredugarriaren papera hartzen du, jarrera eta jokabidezko jarraibideak islatuz; Xabiertxoren mundua hiru ataletan laburbildu daiteke: familia, eskola eta Jainkoa(Lege Zaharra).


Gaur egun, euskararen irakaskuntzak hizkuntzari ematen dion baliagarritasuna, zalantzan jartzen da. Izan ere, Haur Hezkuntzan euskara errealitate bidezko eredu eta adibideen bidez irakasten da, interes zentro desberdinak landuz eta egitura globalizatuaren barnean, haurrentzako erabilgarria den baliabide gisa. Hau da, euskararen irakaskuntza gozabide bihurtzen da.


Hala ere, egoera guztiz bestelakoa da Derrigorrezko Hezkuntzan. Euskara, gainontzeko irakasgaien moduan, curriculumean zehaztutako helburu eta edukiak dituen alor bat bihurtzen da. Ondorioz, hizkuntzaren alde metalinguistikoa jorratzen da: testu motak, perpaus desberdinen egitura, aditz eta deklinabideak, ortografia arauak … gazteei hizkuntzarekiko interesa zapalduz.


Horregatik, helburua duen hizkuntza baten irakaskuntza eta erabilpena aldarrikatu behar dugu, Haur Hezkuntzan, euskara gozabide bihurtuz eta Derrigorrezko Hezkuntzan, gazteak mundurako euskaraz prestatuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario