2010-06-16

Zergatik ikasi, hitz egin eta bizi euskaraz?

Zer da euskaraz bizitzea? Sakelako telefonoan menua eta funtzioak euskaraz izatea? Administraziora joatean, leihatilan dagoenak euskaraz hitz egiten jakitea? Yogurtak erostean, elikadura informazioa euskaraz ere agertzea? Euskal Herriko Unibertsitateko idazkaritzan “hablame en cristiano” ez eskatzea? ... Ba aitortu beharrean naiz, kasu hauetan agian nahiago dudala gaztelerazko aukera ere izatea, gainontzean tutik ere ulertu gabe geratu ohi bainaiz.
Beharbada, euskaldun izan nahiaren itxurakeria soilik izango da gaur egun gizarteak goraipatzen duena. Nor ez da ba inoiz harrituta gelditu “txapela munduan eta ibili muduan” dion kamixeta soinean duela,belarri- motz peto- peto batekin topatzean? Edota, denda baten atarian “Bai Euskarari” ziurtagiripean barrura sartu eta aitorren hizkuntza zaharra zer den ere ez dakien saltzailearekin jardutean? Ez al da itxurakeria hutsa Euskal Herriko agintariek sermoia botatzeko txuleta aurrean izan beharra?
Eguneroko bizitzan aipatu berri ditudan moduko mila eta bat kasu aurkitu ditzakegu, baina uste dut nahiko argi utzi dudala euskaraz bizitzea, euskaraz hitz egitea baino haratago dagoela pentsatzen dudala.
“Arri, murri zapero; bero, bero, bero … haurrak egin euskaraz, orain eta gero” honelaxe zion “Euskaraz Bizi” kanpainaren baitan, Argitxo iratxoak abesten zigun doinuak, gure ikastola garaian, behin eta berriz. Hainbat ekimen izan genituen gure garaian: puntu- sisteman oinarritutako jolasak (egun osoan euskaraz hitz eginez gero, berdez margotu behar izaten zen zegokion laukia, eta gainontzean gorriz), opariak, jolastordu estrak, irteerak, herri- kirol txapelketak … Azken batean, ikastolan ikasten genbiltzan ikasleok, kalean nahiz etxean, euskaraz mintzatzea zuen helburutzat.
Baina, benetan baliagarria izan al zen? Nire ondorioak eratzeko, adin beretsukoak garenon esperientziak soilik ezagutzen ditut, eta egia esan, oraindik ere zalantzan jartzen dut.
Zergatik bizi euskaraz? Lehenik eta behin, nire ama hizkuntza delako; amak jaioberritan abesten zizkidan sehaska- kanten hizkuntza delako, bi hamarkada ostean, oraindik ere “ganbela” beste hizkuntza batean nola esaten den ikasi ez dudalako, oilarraren kukurrukua esatea gustatzen zaidalako; gaztelaniaz mintzatu nahian “el moto” moduko hanka- sartzeak egitea ekiditen dudalako; amorrarazitakoan, abiadura bizian hitz egin nahi dudanean, euskaraz soilik ateratzen zaizkidalako maldizioak ..
Kirmen Uribek New York handian abestu zuen moduan, ez da onena agian, ezta ederrena ere agian, zaharregia edo txikiegia agian, agian … Baina bai, euskara da, hizkuntza bat eta euskaldun sentitzearen nortasuna. Horixe litzateke nire ustez aurreko galderaren erantzuna, itxurakeria, progreso, bizikidetzarako politika, aniztasuna, hizkuntzen dominantzia- errepresio, etab. guztien gainetik dagoena; harropuzkeria eta hitz- merke sorta horiek guztiak albo batean utziaz, norberaren bizimodu aukera bat.
Gainditu ziren eguzkia, zerua eta sapelaitzak ikustea galerazten zituen lege zaharraren aldiak, eta gure esku dago trikua sator- zulotik irten eta datozen mendeetan, txantxangorri baikinan, hegoak astinduz kantari hegan egitea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario