2009-05-10


Nire gogoko eskola

1.Nire gogoko eskola pertsonek osatzen dute, komunitate bat da.

2.Eskola hau auzo batean txertatuta dago eta bertan bizi diren haurrak dira gehienbat hara joaten direnak.

3.Eskolako bizitzan parte hartzen duten guztiek elkar ezagutzen dute. Proiektu berean sinesten dute eta helburuak lortzeko ahaleginetan sinergian egiten dute lan.

4.Nire eskolan gurasoek txoko bat dute eta ikastetxearen antolamenduaren ardura konpartitzen dute.

5. Nire eskolan garbitzaileak, maisu-maistrak nahiz autobus gidariak ikasleen ikasketa prozesuaren parte garrantzitsua dira.

6.Nire eskolan asko hitz egiten da, batzarretan, jangelan, pasiloetan. Binaka, taldeka, borobilean nahiz aurrez aurre.

7.Nire eskola konplexua da eta ikuspegi eta interesgune asko hartzen ditu bere barnean. Orekan behar du izan eta horrek denen esfortzua eskatzen du, etengabe zaindu behar da, egitura aldakorra du, oso sensiblea da.

8.Nire eskolan irakasle/langile/ikasle edo guraso batek arazo bat badu eskolaren arazo bihurtzen da eta denon artean bide ematen saiatzen da.

9.Nire eskolan pertsona guztiek heziketa aukera berdinak dituzte. Pertsonen beharrizanak kontuan hartzen dira. Haurren jakinmina elikatzen da, aukera anitzak eskaintzen zaizkie, haien ahotsa entzuten da.

10.Profesionalen indarguneak ere aprobetxatzen dira ikasketa ahalik eta funtzionalagoa eta motibagarria izateko. Etengabeko prestakuntza beharrezkoa da, estrategiak eta baliabideak berritu, osatu, asmatu eta erabiltzen dira.

11. Gelak tailer modura antolatuak daude. Idazketa txokoa badute, irakurmena lantzeko txokoa, proiektuak egiteko txokoa... Ikasketa esanguratsua, globalizatua, funtzionala, denon artean eraikitakoa bultzaten da. Ikasketa ez da eskolara mugatzen. Eskola arreta gune bat bihurtzen da, esperientzia anitzetako bidegurutze bat.

12. Nire eskolan elkarrenganako errespetua, ezberdina izateko eskubidea, ezberdina izanik ere eskubide berdinak ditugula jakinaraztea, sexuen arteko berdintasuna, lehentasun bihurtzen dira.

13. Nire eskolan ez dituzte langile kualifikatuak prestatzen, pertsona kualifikatuak baizik.

14. Nire eskolak baratza bat du, lorategi eta abere batzuk ere. Jolastokiak, sukaldatzeko areto bat, antzeztokia, bertan lan egiteko aukera eskaintzen duten material biltegi ezberdinak, espresio-tailerrak... eta ikasgelak ere bai baditu.

15. Nire eskolan klaseak ez dira denbora zehatz bati mugatzen, ez da denbora batean eduki zati bat ahal den moduan konprimitzen, ez da zerbait hasi eta bukatu behar denbora zehatz batean. Nire eskolan haurrak ez dira horrengatik “atzera” gelditzen. Nire eskola ez da abiadura lasterketa bat.

Hau irakurri eta eskola eredu hau amets hutsa dela pentsatzen baduzu bejon diezazula. Kontrakoa uste baduzu hura lortzeko urrats bat harago egongo zara.

Eskola guztiak ez dira zertan berdinak izan behar, lan egiteko nahiz gure seme-alabak zein ereduan haztea nahi dugun eskaintza eta aukeratzeko askatasuna egon behar lukeela uste dut, medizina tradizionala edo homeopatia gure osasunaz arduratzeko aukera dezakegun bezala.

Ez dakit beste heziketa motan sinesten dugunok gutxi garen edo ez. Dakidana zera da, guraso bihurtzean eta beste aukera eskura izan ezean, heziketa tradizionalaren aurrean amore ematen dugula askok, horrek insatisfakzioa eta mesfidantza sortu arren.

Irakasle izatean akomodazio honen aurrean borroka egiten saiatuko naiz, beste belaunaldiko haurren gurasoek, behintzat, haien ideiekin bat datorren eskola aukera dezaten.

www.elkarrikertuz.com -en irakurria

No hay comentarios:

Publicar un comentario