2010-06-16
Hizkuntzen trataeraz eskoletan
Egoera monirizatuan dauden hizkuntzetan, euskaran kasu, beste hizkuntza normalizatuagoetan beharrezko ez diren neurriak hartu beharrean gaude, etorkizuneko belaunaldiei hizkuntza transmisioa bermatzeko.
Baina, gaur egun euskararen erabilera oso mugatua dago, bereziki hezkuntza alorrekoa kontsideratzen baita. Hirietako bizitza kosmopolita honetan arrotza da ia euskarazko aisialdia, euskarazko lagunarteko solasaldi bat, euskarazko lan- giro naturala, euskarazko familia bizitza …
Ez da zuzena euskara politika egiteko tresna gisan erabiltzea; zergatik sortu du ordea hizkuntza ereduen aldaketak honelako eztabaida politizatua?
Ezin esan ere, hizkuntza ereduen araberako ikasle segregazioa kohesio sozialarentzako kaltegarria denik. Baina hala eta guztiz ere, begi- bistakoa da eskola publikoaren eta itunpekoaren artean maila sozio- ekonomikoaren araberako banaketa dagoela.
Ezaguna den aipu batek dionez “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta, dakitenek erabiltzen ez dutelako” (J. Artze). Baina, administrazioak Euskal Herriko biztanle orok euskara jakitea eta erabiltzea bermatu beharra du; eta hezkuntza, eskolak, administrazioaren tresna dira.
Beharbada, Aitorren hizkuntza zaharra zabaltzeko aldaketa inposatu bat ez da hauturik aproposena. Euskara indarberritzeko erronka irabazita dagoelako ustea zabaldu da, eta hori ez da inolaz ere egia. Gure hizkuntza indarberritzeko ahaleginean denon konpromisoa behar da, norberarena zein gizartearena. Horregatik guztiagatik, bateko eta besteko indarrak noranzko berean jartzeko urratsak egin behar dira. Hizkuntza politikaz eztabaidan horrenbeste denbora igaro ordez, hizkuntza bera erabiltzeaz gehixeago arduratu behar ginateke.
Zergatik ikasi, hitz egin eta bizi euskaraz?
Beharbada, euskaldun izan nahiaren itxurakeria soilik izango da gaur egun gizarteak goraipatzen duena. Nor ez da ba inoiz harrituta gelditu “txapela munduan eta ibili muduan” dion kamixeta soinean duela,belarri- motz peto- peto batekin topatzean? Edota, denda baten atarian “Bai Euskarari” ziurtagiripean barrura sartu eta aitorren hizkuntza zaharra zer den ere ez dakien saltzailearekin jardutean? Ez al da itxurakeria hutsa Euskal Herriko agintariek sermoia botatzeko txuleta aurrean izan beharra?
Eguneroko bizitzan aipatu berri ditudan moduko mila eta bat kasu aurkitu ditzakegu, baina uste dut nahiko argi utzi dudala euskaraz bizitzea, euskaraz hitz egitea baino haratago dagoela pentsatzen dudala.
“Arri, murri zapero; bero, bero, bero … haurrak egin euskaraz, orain eta gero” honelaxe zion “Euskaraz Bizi” kanpainaren baitan, Argitxo iratxoak abesten zigun doinuak, gure ikastola garaian, behin eta berriz. Hainbat ekimen izan genituen gure garaian: puntu- sisteman oinarritutako jolasak (egun osoan euskaraz hitz eginez gero, berdez margotu behar izaten zen zegokion laukia, eta gainontzean gorriz), opariak, jolastordu estrak, irteerak, herri- kirol txapelketak … Azken batean, ikastolan ikasten genbiltzan ikasleok, kalean nahiz etxean, euskaraz mintzatzea zuen helburutzat.
Baina, benetan baliagarria izan al zen? Nire ondorioak eratzeko, adin beretsukoak garenon esperientziak soilik ezagutzen ditut, eta egia esan, oraindik ere zalantzan jartzen dut.
Zergatik bizi euskaraz? Lehenik eta behin, nire ama hizkuntza delako; amak jaioberritan abesten zizkidan sehaska- kanten hizkuntza delako, bi hamarkada ostean, oraindik ere “ganbela” beste hizkuntza batean nola esaten den ikasi ez dudalako, oilarraren kukurrukua esatea gustatzen zaidalako; gaztelaniaz mintzatu nahian “el moto” moduko hanka- sartzeak egitea ekiditen dudalako; amorrarazitakoan, abiadura bizian hitz egin nahi dudanean, euskaraz soilik ateratzen zaizkidalako maldizioak ..
Kirmen Uribek New York handian abestu zuen moduan, ez da onena agian, ezta ederrena ere agian, zaharregia edo txikiegia agian, agian … Baina bai, euskara da, hizkuntza bat eta euskaldun sentitzearen nortasuna. Horixe litzateke nire ustez aurreko galderaren erantzuna, itxurakeria, progreso, bizikidetzarako politika, aniztasuna, hizkuntzen dominantzia- errepresio, etab. guztien gainetik dagoena; harropuzkeria eta hitz- merke sorta horiek guztiak albo batean utziaz, norberaren bizimodu aukera bat.
Gainditu ziren eguzkia, zerua eta sapelaitzak ikustea galerazten zituen lege zaharraren aldiak, eta gure esku dago trikua sator- zulotik irten eta datozen mendeetan, txantxangorri baikinan, hegoak astinduz kantari hegan egitea.
2009-05-27
Hizkuntza Jolasak eta sormen jarduerak
Bestalde, ikasgelan bertan taldean egin ditugun hainbat sormen jarduera ere badaude.
2009-05-21
Euskal kantak eta hizkuntza jolasak - ALEGIA

Ikerketa lantxo txiki baten bidez, ALEGIA eta inguruko euskal kanta eta hizkuntza jolas tradizional batzuk biltzen saiatu naiz. Bildumatxo honetan, argitaratuak ez dauden bertsioak gorde ditut, eta ahoz- aho eta generazioz- generazio bilakatuz joan diren beste bertsio batzuk ere topa daitezke.
Anurriñan
Arran bilote
Arre- arre
Tantai gaineko txori berritsua
Txantxangorria txantxate
Txantxo Pikarua
Zenbaki jolasa
Zubirik Zubi
Zurruteroaren abestia
2009-03-04
Euskalkiak... Euskara Batua...Kalitatedun euskara
EUSKARA - Bigarren Lauilekoa Osorik
2009-03-01
Nor zen Xabiertxo?
Euskararen irakaskuntza garai guztietan eztabaidatu den gaia izan da. Mende hasieran, Xabiertxo liburuaren garaian, gizarte egoerak oztopatzen zuelako; eta gaur egun aldiz, nerabeen artean hizkuntzarekiko interes gabezia dagoelako. Beraz, liburuaren irakaskuntza eredutik abiatuz, egungoarekin alderatzen da, Haur Hezkuntzan eta Derrigorrezko Hezkuntza dauden jarrera biak azalduz, eta helburua duen hizkuntza baten irakaskuntza eta erabilpena aldarrikatuz.
Xabiertxo, Ixaka Lopez Mendizabal (1879 – 1977)abokatu, irakasle, idazle eta euskaltzale tolosarrak 1925ean idatzitako eskola liburua zen. Garaiko testuinguru politiko eta sozialak eraginda (Euskal Foruen abolizioa, Eusko Ikaskuntzaren esperientzia, Espainiako Gerra Zibila, euskal zaleek erbestera alde egin beharra, euskararen zapalkuntza gizartean …), ia ezinezkoa zen euskarazko hezkuntza jasotzea; horregatik oso garrantzitsuak izan ziren euskarazko irakaskuntza ahalbidetu zuten liburu gutxi horiek.
Xabiertxo liburua haur hezkuntzako ikasleei zuzendua dago eta errealitateko egoera eta adibideen bidez, irakatsi beharreko alor desberdinak jorratzen ditu baserriaren mundutik abiatuz:
- Nekazaritza eta abelkuntza
- Basogintza
- Familia eta senideak
- Eskola
- Gizarte ohiturak eta baloreak
• …
Xabiertxo mutikoa bera da protagonista eta haur eredugarriaren papera hartzen du, jarrera eta jokabidezko jarraibideak islatuz; Xabiertxoren mundua hiru ataletan laburbildu daiteke: familia, eskola eta Jainkoa(Lege Zaharra).
Gaur egun, euskararen irakaskuntzak hizkuntzari ematen dion baliagarritasuna, zalantzan jartzen da. Izan ere, Haur Hezkuntzan euskara errealitate bidezko eredu eta adibideen bidez irakasten da, interes zentro desberdinak landuz eta egitura globalizatuaren barnean, haurrentzako erabilgarria den baliabide gisa. Hau da, euskararen irakaskuntza gozabide bihurtzen da.
Hala ere, egoera guztiz bestelakoa da Derrigorrezko Hezkuntzan. Euskara, gainontzeko irakasgaien moduan, curriculumean zehaztutako helburu eta edukiak dituen alor bat bihurtzen da. Ondorioz, hizkuntzaren alde metalinguistikoa jorratzen da: testu motak, perpaus desberdinen egitura, aditz eta deklinabideak, ortografia arauak … gazteei hizkuntzarekiko interesa zapalduz.
Horregatik, helburua duen hizkuntza baten irakaskuntza eta erabilpena aldarrikatu behar dugu, Haur Hezkuntzan, euskara gozabide bihurtuz eta Derrigorrezko Hezkuntzan, gazteak mundurako euskaraz prestatuz.